Kargatzen...
2021-03-24 Juani Lizaso

SEGURTASUN KOPIAK ETA NEGOZIOAREN JARRAIKORTASUNA



Oso ariketa argigarria iruditzen zait tarteka pentsatzea zer gertatuko ote litzatekeen zerbitzarian edo ordenagailuan gordetzen dugun informazioa galduko bagenu. Etengabe errepikatzen dugu antolakundeetan informazioa funtsezko aktiboa dela, ezinbestekoa. Eta hau galduz gero kolokan jar daiteke antolakundearen biziraupen bera ere.

Horregatik diogu, kasik obsesiboki; egin segurtasun kopiak. Ondo diseinatu eta inplementatu segurtasun kopiak egiteko sistema.

Blogeko artikulu hau osatzeko sarrera idazten ari nintzela Europako Data Center handienetako bat erre da, kiskali egin da. OVH enpresa frantsesak, Europako cloud zerbitzuen hornitzaile handiena eta munduko hirugarrena denak, Estrasburgen duen Data Center erraldoi baten erakinetako bat erabat erre da, bertako milaka zerbitzari erabat suntsituz. Eta gertaera latz hau aprobetxatzea pentsatu dut informazioaren segurtasun kopiak zein negozioen jarraikortasun planen garrantzia azpimarratzeko.

OVHko sutearen dimentsioaz jabetzeko datu batzuk: 3,5 miloi web orri eta zerbitzu baino gehiago galdu dira eta hauetako asko ezingo dira berreskuratu segurtasun kopiarik ez zutelako. Hauen artean gobernu, bideojolasen multinazionalak, cripto-txanponen enpresak, museoak eta abar luze bat. IZTri ere zerbitzari bat erre dio suteak baina, zorionez segurtasun kopien sistema sendoa genuen eta informazioa berreskuratu ahal izan dugu.

Eta nola da posible enpresa eta antolakunde garrantzitsuek ez izatea segurtasun kopiak? Nire ustez, nagusiki bi gauza gertatu dira: lainoarengan gehiegizko konfiantza dagoela batetik, eta babes kopiak kokagune berean izatea bestetik. Nork pentsa zezakeen Europako data Center handiena erreko zenik? Bada gertatu da, eta kalteak izugarriak izan dira.

Lainoa sarri kontzeptu etereo gisa badarabilkigu ere finean beste baten ordenagailua dela jabetu behar gara. Kasu honetan OVHko ordenagailuak. Eta hauek ere gure instalakuntzetan daudenak bezala, ezbeharrak jasan ditzakete. Gainera, garbi izan behar dugu lainoan ditugun zerbitzuen segurtasun kopiak gure ardura direla, hau da, guk ez baditugu egiten inork ez ditu gure ordez egingo. Ikus bestela OVHko arduradunen gomendioa gertaera jazo zenean: Norberak bere berreskuratze plana aktibatu dezala.

Egia da, eta aipatu behar da, badaudela cloud zerbitzuak Data Center ezberdinetan erreplikatzen dutenak informazioa, eta hauek segurtasun maila handia eskaintzen dute. Baina normalean, zerbitzu garestiak izaten dira.

Edonola OVHko Estrasburgeko suteak balio beharko liguke ondorio batzuk ateratzeko:

  • Lainoan ere ezbeharrak gerta daitezke, gertatzen dira, eta informazioa segurtatzea ezinbestekoa da.
  • Informazioaren galerak galera ekonomiko handiak ekar ditzake.
  • Segurtasuna ondo diseinatu eta zuzendu behar da.

Estrasburgekoa adibide bat besterik ez da, izan ere mota askotako ezbeharrak gertatzen dira, maiz eta gutxien espero dugunean. Azken garaietan, gainera, datuak zifratu eta bahitzen dituen ramsonware-a benetako mehatxu bihurtu da mundu osoko antolakunde eta enpresentzat. Urtetik urtera zibererasoak biderkatzen dira eta 2020an ere horrela izan da.

Beraz gogoratu, egin segurtasun kopiak. Modu eta formatu ugari dago: lainoan, NAS gailuetan, diskoetan, zintetan... konprimituta, enkriptatuta... egokien eta erosoen datorkizuen moduan baina egin kopiak. Diseinatu eta automatizatu segurtasun kopiak.

Negozioaren jarraikortasun planak ere aipatu nahiko nituzke, hemen esandako guztiaren ildotik ezbeharrak gertatzean zein pausu eman, nondik hasi, zer berreskuratu zein tresna edo gailu eskuratu eta abar zehaztuko duen plan bat izatea oso garrantzitsua izan daiteke negozioaren jarduera ahalik eta denbora laburrenean berreskuratzeko. Gainera, jarraikortasun planek gogoeta serio bat egitera behartzen digute zerbitzu bakoitzaren garrantzia eta pisua baloratzeko. Finean egoera desberdinak aurreikusiz erantzun eraginkorragoak antolatu ditzakegu.

Ez ahaztu, ezbeharren aurrean azken errekurtsoa segurtasun kopiak dira.