Loading...
2025/10/27

Euskara eta mundu digitala: diskriminazioa eta aukera berriak

Jakin badakigu euskara etengabe bere lekua babestu beharrean bizi dugun hizkuntza dela. Zenbait “arnasgune” ez dira jada hain arnasgune eta ia arrotz zuten zenbait herritan indartzen ari da, kontrara. Eremu oro da tentsionatu hizkuntza gutxituentzat eta mundu digitala ere, jendartearen erdigunean jarri den heinean, borrokatu behar den beste eremu bat da.

Euskal Herriko webguneetako %15,02k dauka edukia euskaraz, eta hizkuntza lehenetsitzat %5ak dauka. PuntuEUS Behatokiaren 2024ko datuen arabera, erabiltzaileen %5ak ditu nabigatzaileen hizkuntza-ezarpenak euskaraz, baina bi urte lehenago, %0,3ak zeukan. Txikia izan arren, lantzen eta indartzen ari den espazio bat da, beraz, espazio digital euskalduna ere.

Eta ez da lan erreza, halere. Kalean bezalaxe, eremu digitala ere ez da eremu “neutro” bat. Googlen egindako bilaketak ez dira eskua kaxan sartu eta lehenengo topatzen diren webguneen zerrenda huts bat, sare sozialetan lehenengo agertzen diren perfilena ere ez den bezalaxe. Algoritmo batek erabakitzen du zer eta nola, noiz, eta zenbat aldiz agertuko den. Norbaitek diseinatutako erabakiak dira, begirada batetik abiatuak eta helburu zehatzak dituztenak.

Zentzu horretan, 2022an bai PuntuEUS Behatokiak eta baita Catalunyako Aliança per la presència digital del català plataformek salatu zuten Googleko bilaketek bai euskara eta baita katalana ere diskriminatzen zituztela. Algoritmoan egindako zenbait aldaketek eragin zuzena izan zuten hizkuntza gutxitu horietan dauden webguneen bisitetan, ikusgarritasuna galduz. 2023an, ordea, Googlek onartu egin behar izan zuen eta bere sisteman zenbait aldaketa egin ostean, Katalanak ikusgarritasunaren igoera hasi zuen, eragin zuzena are argiago utziz. Azken urteetako erabileraren grafikoek, algoritmoen aldaketekin bat egiten duten gorabeherak erakusten dituzte. Beraz, azken finean, interneteko jaun eta jabe direnen botere diskriminatzaileen aurrean ere bere lekua egin behar du euskarak.

Baina horretaz gain, beharbada, zenbait galdera egin beharko genizkioke geure buruari mundu digitalean egiten den euskararen erabilerari dagokionez. Zergatik da hain erabilera txikia, euskal hiztunekin konparatuta? Noiz eta nola erabiltzen da? Zein eduki sortzen da euskaraz? Zein hiztegi erabiltzen da? Erakargarria da? Gertukoa da? Eta, hasteko.. ulertzen da? Leku egin behar duen eta bide eman behar diogun horretan, eskuragarritasuna ere (beste gauza askoren artean) mahai gainean jarri behar da. Alegia, nork ulertu du ezer, bere ordenagailua euskaratu duen lehenengo egunean?

“Ezarri botoi-mapatzea eta doitu arkatzaren sentikortasuna taula grafikoentzako”

“Ezarri saguaren korritze-naturalaren ezarpenak”

“Konfiguratu euskarri aldagarrien ezarpenak”

“Hautatu posta konbinazioko morroia”

WTF?!

Artikulu hauxe idazten ari naizen bitartean eskatu dit euskaldun batek programa bat erdaraz ber instalatzeko, ez duela ulertzen eta. Komunitatean itzultzen den software libreko aplikazioren bat euskaratzen ari naizenetan ere aldiro izaten dut galdera: gaur egun idatzi ohi den bezala itzuliko dut, edo hitz ez-hain-tekniko edo ez-hain-egoki baina ulergarri bat jarriko dut? Eta, egia esanda, ez da erantzuteko hain galdera erraza.

Itzul gaitezen gure jainko berrira, itzul gaitezen Google-ra. Googlek erabakitzen duela aipatu dugu. Erabakitzen du baina, ez hori bakarrik; irakurtzen du, entzuten du. Eta, ulertzen du? Ulertzen gaitu? Euskalkiak ulertzen ditu? Kalean hitz egiten dugun eran, ulertzen digu? Edo garbi ahoskatutako euskarri aldagarrien ezarpenak  edota  arkatzaren sentikortasuna bakarrik ulertzen ditu? Eta batez ere... ulertzea nahi dugu?

Googlek, Amazonek, Metak, ChatGPTk, Deepseekek... zein euskara jakitea nahi dugu? Zer erakutsi behar diegu? Etengabe entzuten ari direnek entzutea nahi ez dugunean babestuko gaituen hizkuntza zati bat ere nahi dugu?

Momentuz gaur egun erabiltzen diren hitz horiekin itzultzen jarraitu dut, eta badaezpada, IAri ingelesez galdetzen diot.

Lotura interesgarriak:

Zerrendatu guztiak